Cata Abuyeres: "Bizitzak beti jarraitzen du"


Zuhaixkaz inguratutako guneetan, egun eguzkitsuetan erleak agertu ohi dira; arauak dio kolore biziek erakartzen dituztela, eta soilik ziztatzen dutela mehatxupean sentitzen direnean. Beldurtzen nauen oro gorrotatzeko joera dudanez, txikitan ziztatua izan nintzenetik erleak herra ditut, eta herra ditudan heinean, eztarriarentzat eztia lagungarria dela sinestea kostatu egiten zait. 

Itxaroten galtzen diren minutuek betiereko izateko joera dute, baina kasu honetan, betierekotasunaren premisa ez da bete. Erlearengandik ihes egin eta berehala, zebra-pasagune batekin topatu naiz, modu honetan, hitzordua nuen lekutik urrunduz, baina toki aproposera helduz. Badirudi, galduta zaudenean, beldurrak bultzatutako mugimenduak zure gorputza paraje aproposetara gidatzen duela. Ustekabean, 3 minutu pasatu dira, eta espaloiaren beste aldean norbait dago; zoriontsu (eta ausart) dator, bizitzako lipar guztiak disfrutatzeko denborarik ez balu bezala: “Bizitzaren erritmoa ez dut gustuko, bizkorregi doa. Denbora baretzea gustatuko litzaidake eta gauzei probetxua ateratzea, azkenean gauza onak hegan pasatzen direlako eta txarrak gertatzen direnean dena bizkor pasatzeko nahia daukazu. Hortaz, aprobetxatzen ikasten jakitea da nire helburua, disfrutatu ezin ditzakedan gauzak daudelako”.

Bizitzaren etenik gabeko erritmoa izan da hain zuzen ere 10 minuturen baitan eguzki-izpiak nabarmentzen ziren toki batetik, argirik gabeko sofaz betetako toki batera lekualdatzea sustatu duena. Ageriko arrazoirik gabe, burura datozkien lehendabiziko gauzak egiteko, erabakiak hartzeko zein tokietara joateko ohitura dute bustitzeko joera duten gizakiek. Besteak, euria amaitu arte geratzen dira inora begira pentsatzen. Biziraute ika-mika honen baitan, Catalina Abuyeresek bere burua aurkeztu du: “Pertsona ona eta hazten ari den jokalaria naizela uste dut, bere potentziala pixkanaka-pixkanaka igoko duen jokalaria alegia”.

2005ean zortzi urte zituela barneratu zen saskibaloiaren munduan txiletarra familiaren urratsei jarraituz: gurasoak Txileko saskibaloi selekzioan ibilitakoak dira. “Hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatzen, baina jolasteko erabakia hartu nuenetik ez naiz gelditu eta ez nuke ezerengatik aldatuko”, aitortu du Abuyeresek, modu honetan, hasiera batean gustatzen ez zaizun serieari aukera eman behar zaiola erakutsiz.

Aipatutako lehenbiziko pausuak Sergio Ceppin eman zituen Catak, eta berehalako inpaktua izan zuen. Berez zegozkion baino maila altuagoetan integratzen hasi zen, eta 10 urterekin lehen aldiz hautatu zuten Santiagoko selekzioarekin joateko: “Saskibaloian ariketa fisikoa egiteko eta lagunekin ondo pasatzeko sartu nintzen guztiok egiten dugun bezala, baina hautaketa horren harira saskibaloia serio hartzen hasi nintzen”.

Zirrara eta seriotasuna bidean elkartzen direnean, ezinbestean beste bi agertu eta bateratzen dira: urduritasuna eta presioa, hots, kudeatu ezin daitezkeen elementuak. Kudeatu ezin badira ere, gakoa zure bertsio onena ateratzeko (ez zure onetik ateratzeko) lagungarri bihurtzean datza. Santiagotarrak bere kasuan saskibaloi kantxan emozio horiek zer nolako garapena izan duten azaldu du: “Oso urduri jartzen nintzen hasieran, eta urduri jartzen nintzen horretan bertaratzen zen jendearen presioarekin bater,a ama etengabe nire atzetik egoteak are gehiago urduritzen ninduen”. Denboraren poderioz, eromen hori Abuyeres gidatzen duen sena izatetik urrundu da: “Hazi eta esperientzia berriak bizi ahala txorakeriengatik horrela jartzea zentzugabea dela konturatzen zara, eta zentzugabetasun horrek adoretu nauen heinean, barne-konfiantza garatzeko ezinbestekoa izan da, nire sentsazioen gaineko ezagupena eman didalako”.

Ezagutzearen harira, Cata Abuyeresen figura entzuna egiten hasi zen Txilen 13 urte bete zituenean. Txileko selekzioaren deia jaso zuen lehen aldiz 2010. urtean, Hego Amerikako U15 txapelketan lehiatzeko. Talde horretan berarekin batera, Jennifer Fuentes, Sendy Basaez edota Barbara Cousiño zeuden, eta laurak gaur egungo Txileko saskibaloian ezinbestekoak dira. “Daukaguna indartzen badugu Txileko eta Latinoamerikako saskibaloian sekulako oihartzuna lor dezakegu, gure belaunaldiarekin batera belaunaldi berriak indartsu datozelako”, aldarrikatu du Abuyeresek, badirudielako etorkizuna itxaropenez beteta datorrela. 

Baina, orainaldia nolakoa izango litzateke selekzioarekin jokatzeari uko egin izan balio? Lehen nominazio horretan hasiera batean Catak ez zuen taldearekin egoteko inolako intentziorik: “Baskulari beldur izan diot beti, eta pisatu behar nindutenez ez nuen joaterik nahi, baina amak derrigortu ninduen joatera, eta momentu horretatik aurrera ez naiz gelditu selekzioarekin”. Nagusitzen zoazen heinean zure atzetik norbait ibili izanagatik esker oneko izan beharko zinateke. Eta erabaki honen harira, hurrengoa argi eta garbi geratzen da: hobe egin duzun zerbaitez damutzea, egin ez duzun zerbaitez baino. Santiagotarra esaterako, biziki damutzen da hartutako erabakiaz: “Selekzioarekin egoteak izugarri lagundu dit pertsonalki, ateak ireki dizkit, leku ezberdinetan egon naiz, jende anitz ezagutu dut…”.

U15 selekzioarekin debutatu eta hilabete batzuetara, 2011n, senior selekzioaren deia jaso zuen Abuyeresek, edo berdina dena, Agostina Burani, Carla Cortijo, Mabel Martínez edota Oyanaysi Gelis bezalako jokalari kontrastatuen aurka jokatzen ibili zen Neivan (Kolonbia) jokatutako Preolinpikoan.  14 urterekin, gogoratzeko kale-zurruta...

Urte bat beranduago, hots, 2012an, Txileko selekzioak ibilaldi bat egin zuen Ameriketako Estatu Batuetatik, eta selekzioarekin bidaiatzen zegoela bizitzan behin aurkezten den aukera eskaini zioten Catari. Montverde Academy-n ikasteko beka zen eskaintza, baina aurreko kasuan ez bezala, kasu honetan, beldurra gailendu zen: “Ingelesez ez nekienez bakarrik geratzearen beldur nintzen, eta beldur hori zela eta ez nintzen joan. Gaur egun erabaki hori hartu ez izanaz damutzen naiz, baina hala eta guztiz ere, bizi izan dudan bestelako bideaz ez daukat kexatzerik”.

Parada hori ukatuta, 2013ra arte ibili zen Cata burubelarri Sergio Ceppin garatzen. Baina zerbaitek eman dizuna baino gehiago eman ezin diezakezunean alternatibak bilatu behar dira, eman dizun horren pareko zerbait aurkitzea zaila izango bada ere. 

Etapa “Ceppito” kuttunean amaituta zegoen, eta agur esateko ordua heldu zen. Bizitakoa hurrengo lerroetan helarazten du Abuyeresek: 

Sergio Ceppin formatu nintzen, hazi nintzen eta saskibaloi mundura ateak ireki zizkidaten. Talde horretan mantendu nintzen entrenatzailearen metodoa (Roberto Ostoic) izugarri gustatzen zitzaidalako. Zortzi urte igaro nituen bertan, beti entrenatzaile berberarekin eta lagunak eginez, zoriontsu izan nintzen. Agian ez nintzateke jokalari gisa bertara bueltatuko, beste bide batzuk arakatzeko gura dudalako jokalari moduan, baina edozertan kooperatzeko edota nire laguntza eskaintzeko prest nago.

2014an alternatiba agertu zen, eta zentzuz aldatzen zuen bide horretan, Valparaíson jolasteko aukera aurkitu zuen nerabeak: “Beste mundu bat ikusi nuen Ceppitik ateratzean, New Crusadersek Hego Amerikako Ligan parte hartzen zuelako eta leku batetik bestera bidaiatzen zelako, eta horrek, bestelako errealitate bat ezagutzen lagundu ninduen”. 

Arreta maiz desbideratzen da solas batekin harremanik ez duten lekuetara. Une batean Catak aurpegia beherantz mugitu du eta bat-batean Shoni Schimmelez gogoratu naiz. Iaz WNBAtik desagertu zenetik ez dakit ezer berataz. Litekeena da  Brittney Grinerren buruan oraindik egotea Pendletondarraren figura. 

AEBtara begirada hori mantenduz, Txilerekin bat eginez, Ziomara Morrison eta Barbara Cousiño agertzen dira. Lehena, WNBAn jokatzen zuen lehen txiletarra bihurtu zen 2012an San Antonio Silver Stars taldean, eta bigarrenak 2014-2018 bitartean ikasketak eta saskibaloia uztartu zituen Utah State University eta Barryn.


“Nagoen horretan enfokatzen eta gogor lan egiten jarraitu nahi dut oraingoz, eta egunen batean bertan jokatzeko aukera izango banu, munduko gauza zoragarriena izango litzateke” Cata Abuyeres


Ziomara Morrisonekin ibili zara selekzioan… Zer kontatu dizu?
Egia esatearren, Ziomararekin ez dut asko hitz egin (galdetu beharko diot), baina albisteetan WNBAn jokatzeko deitu zutela ikustean, suposatzen dut pasada bat izan zela berarentzat, munduko liga onenean lehiatzea esperientzia ahaztezina izan behar delako. Zure kurrikulum osoa, edo are gehiago, bizitza osoa markatzen dizu horrek.

Egunen batean WNBAn jokatzea kontenplatzen duzu?
Beti esan dut, edonori gustatuko litzaioke bertan egotea, baina horretarako kristonako lana egin behar da. 22 urte ditut oraindik eta ez dut aukera guztiz deusestatzen. Nagoen horretan enfokatzen eta gogor lan egiten jarraitu nahi dut oraingoz, eta egunen batean bertan jokatzeko aukera izango banu, munduko gauza zoragarriena izango litzateke. 

Barbara Cousiño AEBetan ibili da saskibaloia eta ikasketak uztartzen azkeneko urteotan, belaunaldi berriak bere urratsak jarraitzeko gai ikusten al dituzu?
Berarekin joateko aukera izan nuen, baina 2012an bezala, 2014an ere uko egin nion aukerari beldurra zela eta. Lehenik eta behin, Barbararen figuran zentratzea gustatuko litzaidake, jokalari galanta delako, erreferente totala eta laguna. Hurrengo urteotan ikusiko dugu Europan jokatzeko aukerak izango dituen ala ez, nik espero dut ateak irekitzea merezi duelako. 

Belaunaldi berriei dagokienez, indartsu datoz, iaz esaterako Txileko U15a Hego Amerikako txapeldun bilakatu zen, eta Donostiako klub batetik esan zidaten belaunaldi horretako jokalari batengan interesatuta daudela.  Hortaz, bai, indartsu datoz eta baten bat bide horretatik joango da ziur aski.

Candice Wigginsekin egon zinen entrenamendu batzuetan 2014an. Zer helarazi zizun?
Bi entrenamendu izan nituen berarekin eta berezia izan zen niretzat. Ez dut inoiz ahaztuko, ordura arte ezagutzen ez nuen ikuspegi bat izan nuelako aurrez aurre. Gaur egun, logelan gordetzen dut berarekin atera nuen argazkia.

Zer iruditzen zaizu WNBA, overseas txapelketak eta selekzioa uztartu behar duten eliteko jokalarien bizimodua?
Mutur horretara joaten bagara, gainkarga bat da eta ez duzu bizitzarik. Egia da denbora librerako tartea duzula bai, baina ez duzu disfrutatzen disfrutatu behar duzunaz. Nire ustez, norberarentzako tarte bat izatea ezinbestekoa da. Nire kasuan, bestelako maila batean, antzeko zerbait egiten dut dena den. Liga amaitzen dudanean Euskal Herrian, Txilera nihoa bertako ligan integratzeko. Behin ligak amaituta, selekzioarekin aritzen naiz, eta selekzioarekin amaitzen dudanerako, hemen naiz bueltan. Hortaz, azkenean nik oporretarako tarte txikia daukat ere, baina norberak hoberen datorkion moduan ikusten du. 

Breanna Stewarten kontakizuna… Zer datorkizu burura halako kontuekin?
Inor ez litzateke halako egoeretatik pasatu beharko, une zailak, deserosoak dira. Une horiek ostera bizitza markatzen dizute, eta horiei aurre egiteko gai ez bazara emozionalki atxilotuta gera zaitezke bizitza osoa. Gainera, gu, sexu femeninoa, ahul ikusten gaituzte, eta bizi beharko ez genituzkeen gauzak bizitzen ditugu oraindik zoritxarrez.


Txileko selekzioa 2015eko martxoan abiatuko zen Espainiarantz, Tenerifen Preolinpikoa prestatzeko partiduak jokatzera. Garai hartan txiletarren entrenatzailea Ricardo Gonzalez tenerifetarra zen eta Abuyeres ibilaldi horretarako prestatzen zegoela, maletaren planteamendua erabat aldatu behar izan zuen. Eta aste baterako maleta prestatzea berez buruhauste sakona bada, saiatu imajinatzen zeuen buruak hiru hilabetetarako bat prestatzen: “Tenerifera joan baino aste bat lehenago, Ricardok komunikatu zidan Tenerifeko talde bat nigan interestauta zegoela. Nire amari komentatu nion, eta berarekin adostutakoan maleta beste era batean antolatzeari ekin nion”.

Ezezagunak diren testuinguruetara egokitzeko bidea zein ote? Lehen aldien zirrarari helduta nahasmena dator aurreiritzien eskeman. “Ez nekien nolakoa zen hemengo liga, baina laster konturatu nintzen gauza bera egiten dela leku batean zein bestean, hots, saskibaloia. Aldatu zen gauza bakarra jokalarien maila izan zen, Tenerifen askoz altuagoa zelako oro har”, aintzatetsi du Catak. Hala eta guztiz ere, ezaguna zitzaion jokalari batekin sartu zen Adareva taldean. Aspalditik ezagutzen zuen Sendy Basaezekin heldu zen Espainiara, eta berarekin etortzeak gauzak izugarri erraztu zizkion Abuyeresi: “Elkarrekin egiten genituen gauzak, elkar ezagutzen genuen, eta taldera egokitzerako orduan hori nabaritu egin zen. Zeharo ezberdina da leku batera bakarrik edo konfiantzazko norbaitekin heltzea, batez ere gu bion kasuan, lehendabizikoa zelako”. 


Saskibaloi kantxa, hondartza, eta alderantziz. Tenerife, zalantzarik gabe egokitze-prozesu horretarako leku aproposa zen. Santiagotarra irlara heldu zenean txapelketa (Lehen Maila Nazionala) amaitzeko hiru hilabete falta ziren soilik. Eta hiru hilabete horiek eroak izan ziren gero: lehenik eta behin Adareva Tenerifeko txapeldun bilakatu zen, modu honetan Kanaria uharteetako Final Fourrerako sailkatuz. Final Four horretan garaile atera ziren Maria Sosarenak, azkeneko txanparako, hots, Liga Femenina 2-ko igoera faserako ticket-a lortuz. Granadan ospatuko zen fase horretan Club Náutico de Sevilla, Gamarra (Granada) eta Ramón y Cajal (Málaga) ziren Adarevarentzat aurkari izan ez ziren aurkariak. Hiru partidak irabazi zituen taldeak igoera lortuz. “Hasierako esperientzi etxetik ata horrelakoa izatea ahaztezina da gero, eta argi geratzen da gauzak disfrutatzen direnean emaitzak etorriko direla”, aitortu du Abuyeresek.

Txilera bueltan, 2015eko udan selekzioarekin ibili zen Edmontoneko Preolinpikoan, eta CDOn txapelketa hasi aurretik Abuyeresek Joko Olinpikoetara sailkatzeko aukera handia zutela adierazi zuen. Alabaina, azken hau Tenerifekoa ez bezala, ahazteko modukoa izan zen.

Etorkizunari begira zalantzak aurkezten ziren horretan, Adarevak taldean jarraitzea eskaini zion Catari: “Horrelako mailetan fitxatzen diren amerikarrak AEBtakoak izan ohi dira, eta klubak zein entrenatzaileak 19 urterekin fitxa ez-komunitario bat niretzat gordetzea brutala iruditu zitzaidan”. Hori bai, hondartzan denbora pasatzeko aukerak mugatzen ziren, LF2n lehiatzeak egunero entrenatzea zekarrelako, bi asteburutan behin penintsulako toki ezberdinetara bidaiatzearekin batera: “Lan dinamika zorrotzagoa bihurtu zen ligak maila altua zuelako, maila handiko eta mundu osoko jokalariak daude LF2n”.

Ezina ekinez egiten dela entzuten da beti, baina ekiteko modua azpimarratzeko joera nonbait galduta dago. Egunero ondo lan egiten, Adareva LF2ko errebelazioa bihurtu zen 2015-2016 denboraldian. Hiru partida soilik faltatu zitzaizkion taldeari Liga Femeninarako igoera fasean sartzeko, ikusminez Abuyeresek denboraldi hartan jokatu ez zuen partida kantitate berbera. Taldearen errotaziotik sartzen eta irteten ibili zen txiletarra sasoi osoan zehar, desorekan eta irregulartasunean eroriz… Eta erorita amaitu zuen bere ibilbidea Catak Tenerifen.

Ez dakit noiz edo nola izan nuen lotailu-haustura, baina hilabete bat ibili nintzen belauneko minarekin. Tenerifen medikuek esan zidaten zantiratua nuela soilik, baina Txilerekin uda hartako Hego Amerikarra parte hartu eta gero, minak bere horretan jarraitzen zuen. Hortaz, Txilen azterketa medikoa egin zidaten berriz eta min horren atzean zegoen benetako arrazoia ezagutu nuen: aurreko lotailu gurutzatua apurtuta neukan. 

Txapelketa osoa ibili nintzen amorratuta nire maila onena emateko gai ez nintzelako izan, eta lesioa ezagutu nuenean izugarri haserretu nintzen, edonork bizitzan bere %100a eman nahi duelako beti.

Gauzak zaintzen ikasi beharra dago, Tenerifen ez nuen lesio bat diagnostikatu zidatelako, ezer gertatu izan ez balitz bezala pasatzen utziz. Hori da bizi nuen esperientztiatik aldatuko nukeen gauza bakarra. Bertan egindako lagunak eta klubetik eman zidaten aukera ez ditut inoiz ahaztuko, niretzat Europan izandako aurreneko esperientzia horretan.

Gauza txarrak pasatzen direnean dena bizkor pasatzeko nahia duzula esan dit Catak hasieran. Tenerifen bizitako 100 unetatik 99 gogoratzeko modukoak izango dira ziur aski berarentzat. Baina gogoratzerako orduan une txar batek ia pisu osoa hartu du bere gain. Une goxo eta mikatzetan ahalegindu zaitezte pentsatzen. Bien artean zein motatako uneak gailentzen dira? Eta zein motak du indar handiena? 

Catak gutxienez zerbait argi dauka: “Hemen kafesne bat eskatzerako orduan nire gustura eskatzen dut oso kargatuta egiteko ohitura dutelako eta ez zait hala gustatzen. Adibidez Txilen kafe bat eskatzerako orduan mediano, pequeñito edo grande nahi duzun galdetzen dizute”. 

Bizitzaren erritmoak ez du etenik, eta eroriz oinez berrikasten den heinean kafeaz desikasteko asko dago oraindik. Puskatutako lotailua konpontzeko ebakuntza egin zioten Abuyeresi Txilen, eta pausoz pauso ekin zion birgaitze prozesuari: “Behar bezala belauna sendatzean enfokatu nintzen 5-6 hilabetez, eta birgaitzen nengoen heinean Europako talderen batean niretzat lekuren bat zegoen ikertzen ibili nintzen Nicolas San Joseren (goian bego) laguntzarekin”.  

Prozesu horrekin amaitu eta berehala, 2016ko azaroan Asturiaseko Lehen Maila Nazionaleko Avilesek fitxatu zuen Catalina Abuyeres. Sei hilabete zeramatzan santiagotarrak saskibaloian jokatu gabe. “Hasieran belaunarekin konfiantza hartzea kostatu egin zitzaidan, baina Ana Rosak (entrenatzaileak) pazientzia izango zutela ziurtatu zidan. Taldeak ez zuenez igoera lortzeko jomugarik erritmoa joaten hartzeko leku ideala zen”, adierazi du bi hilaberen baitan bestelako bide bat hartuko zuen Abuyeresek.

Tell me, tell me, would you want me?
Tell me, tell me, would you call me?
If you knew I wasn't balling...

Etapa berri hori urte berriaren etorrerarekin amaitu egin zen. Abuyeresek zituen itxaropenak ez ziren bete Avilesen: “Oso gutxi iraun zuen liga lehiakorrago batean aritzeko nahia nuelako; Asturiasekoa ez zenez espero bezalakoa izan zapuztuta nenbilen”. Dena den, Avilesek oroitzapen kuttunen bat utzi zion ere: “Egon nintzen denboran bi taldekiderekin partekatzen nuen pisua eta gaur egun haiekin kontaktuan jarraitzen dut”.

2017ko urtarrilean Cata Abuyeres penintsulako ekialderantz mugitu zen, Barakaldon lurreratuz. Kanta ezagun batek dioen bezala, etorkizuna, ametsa eta nahia gordetzen ditu hiri bizkaitarrak. Edo Alberto Cea da aipatutako hiru elementuak esku artean dituen hori? “Ausarta Barakaldoren entrenatzailea nire atzetik ibili zen denbora luzez, eta egun batean oraindik Avilesen nengoela partida batean agertu zen. Ageria denez, hona etortzeko erabat konbentzitu ninduen. Bizitzaren zoroa da Alberto, nahi duen hori lortzeko etengabeko borrokan dagoelako beti, eta bere zoramenaren barruan pertsona zoragarria da”.

Etxea aurkitu du Euskal Herrian Abuyeresek, eta 2 urte t`erdi daramatza jada Ausarta Barakaldon jokatzen orain arte Europako talde batean bere stint luzeena izaten ari den honetan: “Erabateko konfiantza jaso dut klubarengandik lehen egunetik, familiaren parte bezala ikusten dut nire burua gaur egun. Gainera, honen atzean lan oso serioa dago eta pixkanaka helburura gerturatzen ari gara”.

Helburuak Catak lortutako zerbaitekin harremana dauka, hots, LF2ra igoera lortzearekin. Tenerifen emandako antzerako istorio batera heltzea ez da batere erraza, eguneroko lanarekin batera une zehatzetan bertsio onena emateko beharra agertzen delako, eta bertsio onena eman behar den horretan ez dago akatsetarako tarterik. Azken bi denboraldietan Ausarta Barakaldok igoera fasera heltzeko ticket-a ematen duen Final Fourretan aritu da, bi kasuetan semifinaletan eroriz: “Malkartu ginen geure buruetan presio handia jarriz eta urduritasunak jan gintuen. Gauzak disfrutatu behar dira, eta hori egiten ahalegintzen ari gara aurtengo sasoian, egoera edozein dela ere talde bat garela gogoratuz”.


Aurtengo denboraldian , iraganeko mamuak desagertzen hasi dira -batzuetan duela aste batzuk La Salleren aurka gertatu bezala agertzen badira ere- eta taldea inoiz baino soilago eta irmoago dabil: "Iraganean jokalari bat desagertzen zenean, guztiak desagertzen ginen, aurten ordea, bat ez dagoenean, beste edonor agertzen da", berretsi du santiagotarrak. 

Barakaldora heldu zenetik sarri-sarri musika ipintzen du Catak. Kortaturen abestia ez du ezagutzen, baina aldageletara sartu bezain pronto musikaren doinuek giroa inbaditzea lortzen du. “Musika nik jartzen dut beti, partiduak hasi aurretik eta ostean, ostiraletan jaurtiketa libreak egiten ditugunean… Nire musika gustatzen zaienei bejondeiela, eta gustatzen ez zaienei berdin bejondeiela, esparru honetan ni naizelako agintaria” azaldu du algaraka Abuyeresek. 

Kantxatik at ia ahaztuta zuen errutina berreskuratzen hasi da aurten txiletarra. 2015ean saskibaloian burubelarri barneratzeko Txile utzi aurretik Erizaintzan zegoen matrikulatuta, baina ez zuen karrerarekin hasterik izan Adarevan jokatzen hasi zelako. Oraingoan, TAFAD goi mailako zikloan matrikulatu da eta badu klasera joateko aukera: “Hasieran errutina berrekuratzea kostatu egin zitzaidan, goizeko seiretan esnatzea klasera joateko egokitze-prozesu latza delako. Baina gaur egun ondo uztartzen dut saskibaloiarekin eta merezi duen higadura fisikoa da”.

TAFAD laburduraren esangura hurrengoa da: Fisikako eta Kirol Jardueren Goi Mailako Teknikaria. Alderantziz irakurrita laburdura hori xarmangarriagoa izango litzateke, baina marketing-a ez dirudi gradu honen jomuga denik. “TAFAD aukeratu dut kirolarekin harremana duen zerbait egin nahi dudalako saskibaloitik harago, izugarri laket dut pertsonak laguntzea entrenatzaile edo monitore moduan”, adierazi du Abuyeresek.

Saskibaloi mundura bueltan, aurreko lerroetan entrenatzaile izateko gura azaldu du santiagotarrak, eta horretan dabil hain zuzen ere. Astean zehar arratsaldeetan bospasei urteko umeak entrenatzen ditu Basaurin eta ez da gai eragiten dioten ahuldadea ezkutatzeko: “Umeek liluratzen naute, gainera hain txikitxoak izanda niretzat neba-arreba gazteagoak balira bezala dira; maitasuna eta samurtasuna helarazten didate”. Baina ahuldade horretik harago txikitxoei gauzak irakasten ahalegintzen da: “Bi eskuekin botatzeko ariketak, haien artean baloia kentzeko ariketak, oinak uztaietan markatzeko ariketak… Denetarik egiten saiatzen naiz haiekin, baina batez ere nire jomuga haiek disfrutatzen ikustea da, ondo pasatzen badute ikasiko dutelako ziur”.

Basauriko umetxoez gainera, Bilboko Pureza Ikastetxeko nesken Juniorra entrenatzen du. Honetan dinamika zeharo ezberdina da, nerabeak direlako jada jokalariak eta lana ezberdin planteatzeko beharra agertzen delako. Cata ez da dinamika mota honen zale: “Maila hauek ez zaizkit gustatzen, baina entrenatzaile moduan garatu ahal izateko ezinbestekoa da horrelakoetan murgiltzen hastea. Lana are gogorragoa da, maila hauetan jokalariek kontzientzia maila bat dutelako eta badakitelako zertaz doan kontua”.

Argi dago Abuyeresek nahiago duela erakustea gauzak nola diren azaltzen ibiltzea baino, marraztea idaztea baino gehiago gustatzen zaion moduan. Biak konbinatzeko kapaz izango al da inoiz?


“Bizitzak beti jarraitzen du, ezin naizelako geratu itxaroten geldirik nire bidearekin jarraitzeko asmoa dudan heinean” Cata Abuyeres


Zer exijitzen diozu zure buruari jokalari moduan?
Jokalari moduan maila konstante batean mantentzea da nire jomuga, egunero lan eginez gauzak berez aterako direlako. Gaur lortzen ez dudana bihar lortu beharra daukat? Helmugara heltzeko prozesua luzea da.

Erritualik edo apetarik duzu?
Partida bakoitzaren aurretik ekipajea jantzita ateratzen naiz etxetik, ekipajea jantzi gabe irteten banaiz partida txarra jokatuko dudalako. Ekipajeaz gain, beti bularretako, galtzeta eta berogarri berberak erabiltzen ditut, eta irten baino lehen ile-motots perfektua egin behar dut. Behin kantxara heltzen naizenean, berotzerako orduan beste erritual bat daukat. Lau jaurtiketa libre sartu behar ditut, distantzia ertainetik hamar inguru eta bi hiruko jaurtiketa. Sartzen ez baditut, partidan sartzea zaila egiten zait.

Zerk amorratzen zaitu gehien pertsona zein jokalari moduan?
Pertsona moduan gehien amorratzen nauena batzuetan hartzen dudan jarrera da, sentitzen dudalako desegokia dela eta horrek ezinbestean eragiten dit. Jokalari moduan, huts asko egiten ditudanean amorratu egiten naiz eta amorratzen naizen heinean kontzentrazioa galtzen dut. Hori dela eta, erabat erotu egiten naiz eta ostera partidetara itzultzea zeharko kostatu egiten zait.

Zeintzuk dira zure dohain eta ahulezia handienak?
Nire dohain handiena jaurtiketa da, lehena eta bigarrena sartzen baditut gerora guztiak sartzen ditudalako. Horrekin batera, taldekide ona kontsideratzen dut nire burua, beti nago haiei behar dutenean laguntzeko prest. Eta ahulezia handiena arreta galera da, oso despistatua naizelako.

Esaten duten horretan esekitzen zara?
Esaten badute, esaten dutelako, eta epaitzen bazaituzte, epaitzen zaituztelako...Batzuetan bai, baina horretan pentsatzen utzi eta gauzak egin behar dira. Bizitzak beti jarraitzen du, eta ezin naiz geratu itxaroten geldirik nire bidearekin jarraitzeko asmoa dudan heinean.

Final Fourrak gustuko dituzu?
Ez, ez ditut gustuko, denboraldi osoan zehar onena izan dela erakutsi eta gero ligan lehenengo geratzen denak partida kaskar bat izateagatik guztia gal dezakeelako egun batean.


Iragan udan Abuyeres Txilera bueltatu zen bertoko Liga Nazionalean jolasteko. Boston College taldea zegoen bere zain, eta talde horretan Barbara Cousiñorekin aurkitu zen santiagotarra: “Berarekin luzaroan jolastu gabe neraman, eta jokatzerako orduan taldekide bikaina da gauzak errazten dizkizulako”. 

Taldea denboraldi erregularrean lehenengo geratu zen, Catak hainbeste maite duen Final Fourrerako sailkapena erdietsiz. Eta, bai, F4 batean eskuratu duen azkeneko garaipenak Tenerifen darrai: “Gu baino hobeto jolastu zuen aurkariak (Leones) eta merezita irabazi ziguten. Dena den, ez dut justua aurkitzen denboraldian zehar jokalari estatubatuarra hiruzpalau aldiz aldatzen uztea, fitxatu zuten azkenak (Carmen Tyson-Thomas) izugarri hobetu zuelako Leonesen maila”.

Uda horretan bertan, Hego Amerikako Txapelketa zegoen zain. Jokalariz jokalari eta momentuari begiratuta, Txilek hamarkadako talderik oparoena zeukan. Dena den, hamarkada honen logika bete zen kaosa nagusituz hasieratik amaierara, podiumera heltzeko aukera inoiz baino errealistagoa zirudien arren. “Gogorra izan zen taldearentzat ez ginelako txapelketara egokitzeko gai izan, eta hori zerbait gaizki egin genuen seinale da”, aintzatetsi du Abuyeresek.

Emaitzak ez datozenean egin duzun lanak aintzatespenik ez izatea gogorra izan ohi da. Sari indibidualek berez ez dute ezertarako balio talde-kiroletan, baina nori ez litzaioke gustatuko urteetako dedikazioak errekonozimendua izatea? Iragan azaroan Txileko Kirol Kazetari Zirkuluak Catalina Abuyeresi Txileko 2018ko emakumezko saskibaloi jokalari onena izateagatik Urrezko Kondorra eman zion: “Hunkitu nintzen konturatzerako orduan, bost onenen artean proposatua izatea sekulako ohorea bazen jada, saria irabaztea… Ez daukat egoera deskribatzeko hitzik”.

Zenbait pertsona deskribatzeko hitz gutxi geratzen zaizkio Catari hiztegian. Cristian Santander, Ricardo Gonzalez, Barbara Cousiño, Andrea Valdés, Maira Horford… azken gertu izan dituen jokalari eta entrenatzaile onenak omen dira berarentzat. Gutxienez, gogoratu du zergatik erabiltzen dituen 12 eta 25 zenbakiak jokatzeko: “12a beti daramat Txileko selekzioarekin joan nintzen lehendabiziko aldian zenbaki hori hartu nuelako eta niretzat xarma berezia dauka. 25a, aldiz, nire urtebetetze-eguna da eta Espainiara heldu nintzenean 12 ez zegoenez libre horrekin geratu nintzen”.

Iruzurtiek, gezurrak garatzeko irudimenik gabe geratzerakoan, hitzak ahazten dituzte. Nik ez dut ahazten Catak konturatu gabe hasieran esandako gezurra. Hazten ari den jokalaria dela esan du bere burua aurkezteko; datu ofizialen arabera, momentu honetan 2011n baino baxuagoa da, eta hazten dabilela esateko ausardia izan du. Bere Wingardium Leviosak ez du nigan eraginik izan, “hazi” kontzeptuaren esanahia ez delako ez lekuz ez zentzuz aldatu. Badirudi gutxienez, urte bat gehiago mantenduko dela Lasesarreko Polikiroldegian araoa ikasten. 

Iruzkinak